↩ ODS: Senegalgo Emakumeak

Senegalgo Emakumeak
Amta Tiaw

“20 urte daramatzat arrainak prozesatzen, horixe dut ogibide. Horrez gain, etxeko lanak ere egiten ditut, eta, gainera, soroan lan egiten dut. Edozer gauza egiten dugu familia aurrera ateratzen laguntzeko.”.

“Klima-aldaketa arrainaren eskasian nabarmentzen da. Horrek eragina du, era berean, familia-ekonomian. Orain, ontzi gutxiago daude, eta itsasoratzen direnek lehen baino arrain gutxiago ekartzen dute”.

“Kébémerreko Emakume Aktibisten Sareak eskaini dizkigun hitzaldietan, zenbait gauza ikasi ditugu. Familia-arazorik badugu, laguntza eska diezaiokegu Kébémerreko Emakumeen Etxeari. Bertan, andrazkoon eskubideekin lotutako guztiari buruzko informazioa eskura dezakegu. Emakumeen jokabidean aldaketak nabaritzen ari dira, bai eta gure eskubideen gaineko kontzientziazioan ere”.

“Klima-aldaketaren inpaktua Kébémer Departamenduko (Senegal) genero-ekitatean” ikerketaren arabera, emakumezkoek eginkizun garrantzitsua dute arrantzaren sektorean, beren arrantzatzeko moduak eta balio-katean egiten duten lana direla eta. Zenbatetsita dago biztanleek kontsumitzen dituzten proteinen % 70 arrainari dagozkiola. Sektore horrek, halaber, andreen enpleguaren funtsezko zati bat eraldaketaren sektorera bideratzen du. Informaltasuna oso-oso handia den sektore horretan kontrol-mekanismorik ez izateak baliabideak irrazionaltasunez ustiatzea eta agortzea ekarri du, nagusiki atzerriko herrialdeetako ontzi- enpresek.

Klima-aldaketa eta horren ondoriozko baliabide-eskasia direla kausa, emakumezkoen lan-karga nabarmen areagotu da, haiek arduratzen direlako etxeaz, familiaz eta diru-sarrerak eskuratzeaz ere. Klima-aldaketaren ondorioengatik gero eta baliabide gutxiago izateak landa-ingurunetik hirietarako eta Estatuko mugetatik haragoko gero eta migrazio handiagoa bultzatu du. Afrikako eskualdeetako migrazio gehienak, Mendebaldeko Afrikakoa, kasu, herrialde mugakideen artean gertatzen dira. Gai honek, aldi berean, klima-aldaketari dagokionez erantzukizun handiena duten herrialdeak (asko Europakoak) eta beren migrazio-politika eskasak interpelatzen ditu.