↩ ODS: Senegalgo Emakumeak

Senegalgo Emakumeak
Kemeltou Tambadou

“Senegalgo legeak gizonek eta emakumeek lurra eskuratzeko eskubide bera dutela jasotzen eta berresten du, bai eta pertsona orok lurraren jabetza eskuratzeko eskubidea duela ere. Eskubide konstituzionala da.

Alabaina, gizarte patriarkalean bizi gara, non andrazkoek ezin dutela lurrik eskuratu eta eskubide hori gizonena dela esaten den.

Horregatik ari gara borrokan, emakumeek lurra beren nebek, senarrak, ilobak edo osabak eskuratzen duten moduan eskuratu ahal izateko. Andreek ez dute behar senarrak edo aitak lurra eskuratu ahal izatea bermatzea.”

“Klima-aldaketaren inpaktua Kébémer Departamenduko (Senegal) genero-ekitatean” ikerketaren arabera, andrazkoek nekazaritza-ekoizpeneko sisteman funtsezko lekua izan arren, lurra eskuratzeko duten ahalmena marjinala da oraindik ere -% 9 baino gutxiago eskuratzen dute Senegalgo Kébémer departamenduan-. Horrek eragin txar oso handia du hainbat mailatan eta emakumeen ahalduntzean.

Oinordetza-zuzenbideak emakumeak diskriminatzen ditu, herentziari dagokionez, eta, beraz, baita laborantza-lurren jabetza-eskubideari dagokionez ere. Gizonak dira lursail onenen titularrak, eta, emakume gehienek ez bezala, hainbat finantzaketa-tresna dituzte eskura. Andrazkoei ematen zaizkien kredituak oso apalak izaten dira. Bermerik ezak eta klima-arriskuak berekin dakarren segurtasunik ezak are gehiago mugatzen dute andreen lurra eskuratzeko ahalmena.

Senegalgo zenbait eskualdetan klima-aldaketaren ondorioak azkartu egin direnez, ekoizpenari begirako ikuspegi berriak agertu dira. Besteren artean, agroekologia: ekosistemen ahalmena ahalik eta gehien aprobetxatzea du ardatz, kanpokoarekiko mendekotasun txikiagoko antzinako nekazaritza-jardunbideei eta lurzoruen ongarritze naturalari helduta.

Agroekologiak zientzia, gizarte-mugimenduak eta nekazaritza-jardunbideen balioespena uztartzen ditu. Hortaz, teknikoa ez ezik, soziala ere bada, horrexegatik dira garrantzitsuak erreformak (lurra eskuratzeko ahalmena, esaterako) eta tokiko agintariek baliabide naturalen kudeaketan duten zeregina.

Ildo horretan, FADECek eta NESIk aspalditik dihardute emakumeek lurrak eta ekoizpen-baliabideak eskuratzeko intzidentzia-ekintzak garatzen. Aktiboak eskuratzeak, eta bereziki lurra, are berezikiago kalitate oneko laborantza-lurrak, epe luzeagorako inbertsioak egiteko aukera ematen die andreei, eta, potentzialki, familia barruan duten erabakitzeko ahalmena areagotzeko aukera. Emakumezkoek etxeko kontsumorako ekoizpen-erabakietan eragin handiagoa izateak labore-ekoizpen dibertsifikatuagoa eta familiaren elikadura hobea bultza litzake.