↩ ODS

Senegalgo Emakumeak:
Klima aldatzen denean,
haiek historia aldatzen dute

Sahelen, Senegalgo iparralde barne hartzen duen eremuan, oso ondo dakite, hain zuzen ere han garatzen ari direlako hainbat ekimen klima-aldaketak bertan bizi diren emakumeen eta gizonen giza eskubideetan dituen ondorioak arintzeko.

Kébémerreko Departamenduan, Senegalgo iparraldean, egindako Nazioarteko Elkartasunaren azterlan batek hainbat ondorio jarri ditu mahai gainean, deigarriena landa-inguruneko emakumeak eta neskatoak (eskolatze-tasa baxuak dituztenak) direla klima-aldaketak gehien kaltetzen dituenak.

Arrazoia erraz azal daiteke, kontuan hartuta emakumeak arduratzen direla etxeaz, seme-alaben zaintzaz, egurra eta ura biltzeaz, eta, gainera, nekazaritza-lanaz bizi diren landa-ingurune berezian. Eta klima-aldaketa gero eta gehiago zailtzen ari zaie zeregin horiek guztiak egin ahal izatea... Euririk ezak eta gero eta tenperatura altuagoek uzta txarrak, lurraren desertifikazioa eta elikagairik eza sortzen dituzte, bai pertsonentzat bai ia iraupen-ekonomia horretan elikagai dituzten animalientzat.

Mutur-muturreko bizi-baldintzak dira, eta genero-berdintasunaren arrakalarekin zuzenean lotuak, emakumeek eta neskatoek eskaini behar dietelako denbora gehiago eta ahalegin handiagoa beren eguneroko eginkizunei eta familia-nukleorako baliabide natural eta ekonomikoak lortzeari.

Kébémerreko emakumeak erabat jabetuta daude klima-aldaketak ingurumenean eta beren bizitzan dituen ondorioez, bai eta arintze- eta egokitze-neurriak premiaz hartzearen garrantziaz ere. Horrexegatik jarri dituzte abian nekazaritza- eta abeltzaintza-ekimen erresilienteagoak, biopestizidak sortuz, merkatu berriak bilatu ahal izateko baratze-ekoizpena dibertsifikatuz edo nekazaritza- eta baso-azpiproduktuak erabiliz. Hori guztia emakume gisa dituzten giza eskubideen gaineko kontzientzia hartzeko eta, aldi berean, alfabetatzeko esparruaren barruan; hala, beren abeltzaintza- eta nekazaritza-ustiategiak kudeatzen dituzte eta informatuta daude.

Eta, oinarri horien gainean, azterlanean parte hartu duten emakumeek ahalduntzen eta bizi-baldintzak hobetzen ari zaizkien lorpen handiak erdietsi dituzte. Besteak beste, 6 hektareako baratze bat ekoizpen-soberakinak eman dizkien ureztatze-sistemekin abiatu dute. Horrela, euri-denboraldietako edozein ezustekoren mendeko autokontsumo-ekoizpenetik merkatuko ekoizpenera igaro dira, zeinak saltzeko, animaliak elikatzeko... produktuak edukitzea ahalbidetzen dien; laburbilduta, etorkizunari ilusioz eta egokitzeko gaitasunez begiratzea ahalbidetzen diena.

Ekintza horiei esker, Kébémerreko emakumeek nabarmen hobetu dituzte beren bizi-baldintzak, eguneroko lana erraztu dietelako, batetik, eta bizi behar izaten ari diren klima-errealitatera egokitzeko eta planifikatzeko tresnak eta ezagutzak eskuratu dituztelako, bestetik. Aldaketa beraiek eragiten ari direla eta emaitzak ematen dituzten erabakiak beraiek hartzen ari direla jabetu izanari esker, beren burua ahalduntzen ari dira. Beren istorioa aldatzen ari diren emakumeak dira.

"Klima-aldaketaren inpaktua genero-ekitatean, Kebemer Departamentuan (Senegal)" ikerketa Solidaridad Internacional erakundeak garatu du, FADEC-Nord, Senegalgo Legelarien Elkartea eta Kébémerreko Emakume Ekintzaileen Sarearekin lankidetzan, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzari esker.