↩ ODS: Senegalgo Emakumeak

Senegalgo Emakumeak
Rokhaya Badioune

“Baratzea hor dago, errealitatea da, eta denok gabiltza oso pozik bertan lanean. Herriko arduradunarekin hitz egin genuen eta hektarea bat eman zigun lantzeko. Baratzea andreona dela dioen titulu bat ere eman digu. Neuk daukat gordeta, presidentea naizelako.

Orain, erabateko autonomia daukagu, guk geuk erosten ditugu haziak eta lanabesak. Eta patata, tipula, kania, ziazerbak, alberjiniak, alberjinia mingotsak, letxuga edo luzokerrak landatzen ditugu. Baratzeak jateko balio digu, saltzeko, aurrezki-kutxa bat ere badugu...

Bero handia eta hotz handia egiten duela, horretan sumatzen da. Eta eurite-sasoia atipikoa izan da, ohi baino euri gutxiago egin duelako. Aurten, uzta ezohikoa izan da. Ia ez dugu ezer bildu.”

“Klima-aldaketaren inpaktua Kébémer Departamenduko (Senegal) genero-ekitatean” ikerketaren arabera, nekazaritza-sistemak eta, zehazki, baratzezaintza funtsezko iturriak dira diru-sarrerak eta elikagai osagarri eta onuragarriak eskuratzeko. Horien ustiapenak landutako azalerak hedatzera jotzen du, lurzoruak eskasagoak direlako eta horregatik errendimendua murriztu egin delako, baita produktuak dibertsifikatzera ere, merkatu-nitxo berriak bilatzeko; hori ez da ustiapen-eredu iraunkorra, biziraupen-estrategia baizik.

Biziraupen-estrategietan aldaketak izan dira, orain eremu agroekologikoen araberako hainbat ekintza uztartzen baitira, zeinak diru-sarrerak eskuratzeko klima-aldaketaren ondorioetara egokitutako iturriak dibertsifikatzeko estrategiak garatzea ahalbidetzen duten. Hauek dira estrategia nagusiak (garrantziaren arabera ordenatuak: i) ohiko sasoitik kanpoko baratzezaintza eta fruta-ekoizpena, biak ere merkataritza txikiari eta, merkatu-nitxoak aurkitzeko, produktuen bereizketari lotuak; ii) abeltzaintzako ustiategi erresilienteagoak, oilaskoak, ardiak eta ahuntzak arraza berri egokituagoen bidez hazita eta abereentzako elikagaiak erosiz indartuta; eta iii) lan-bilaketa garraioaren, joskintzaren eta bestelakoen sektorean, eta landa-exodoa hirietan lana bilatzeko.