↩ ODS: Senegalgo Emakumeak

Senegalgo Emakumeak
Mariama Lo

“Etxekoandrea naiz. Egunero, goizean goiz jaikitzen naiz. Dutxatu, otoitz egin eta etxea txukuntzen dut, dena garbi eta jasota uzten dut. Gero, gosaldu, haurrei gosaltzen eman, eta eskolara eramaten ditut. Ondoren, lanera joaten naiz. Handik itzultzen naizenean, bazkaria prestatzen dut. Oilasko-etxalde bat daukat. Abereei jaten eta edaten ematen diet, etxaldea garbitzen dut eta etxera bueltatzen naiz janaria prestatzera. Bazkaldu ostean, ontziak garbitu eta dena jasotzen dugu. Umeek atseden hartu ondoren, arratsaldean eskolara eramaten ditut berriro, eta ni etxera joaten naiz afaria prestatzera. Eginda dagoenean, geure burua garbitu, eta afalorduaren zain egoten gara. Horixe da gure eguneroko bizimoduaren laburpena. Arropa garbitu behar ez bada, behintzat. Erosketak astean behin egiten ditugu.

Gure bizitza lehen baino hobea da. Adibidez, lehen ez genuen janariarekin osatzeko elikagairik. Orain, aldiz, arrainaren autoa etortzen da, inguruan oilaskoak hazten dira, eta landareak ere landatzen dira.

Klima-aldaketa oilaskoen hazkuntzan nabaritzen ari da. Lehen, 45 egunean pisu arruntera iristen ziren. Orain, ordea, denbora gehiago behar dute pisu bera lortzeko. Halaber, pentsuaren prezioa garestitu egin da, baina kalitatea murriztu. Horrek eragina dauka oilaskoaren prezioan. Lehen, 2.500 CFA balio zuen, eta orain 3.000 edo 3.500.

Beste garai batean, 2.000 oilo ere hazten genituen aldi berean; orain, kostuak igo ondoren, 500 eta 1.000 bitartean. Gure jarduera aldi baterako eten behar izan dugu, oiloen heriotza-tasa handia dela kausa. Desinfektatu eta profilaxia egin behar izan dugu agertzen ari diren gaixotasun berriak geldiarazteko. Oilaskoen eta arrautzen ekoizpena asko murriztu da.”

“Klima-aldaketaren inpaktua Kébémer Departamenduko (Senegal) genero-ekitatean” ikerketaren arabera, klima-aldaketak landa-inguruneko emakumeak eta neskatoak (eskolatze-tasa eskasak dituztenak) kaltetzen ditu gehien. Andrazkoak arduratzen dira etxeaz, janaria prestatzeko ura eta egurra biltzeaz, eta seme-alabak hazteaz; gainera, nekazaritza- eta arrantza-sektorean lan egiteaz gain, beste jarduera batzuen bidez diru-sarrera osagarriak eskuratzen dituzte. Klima-aldaketarekin lotutako muturreko fenomeno eta aldaketa klimatologikoek, eta horiek nekazaritza- eta arrantza-baliabideen ekoizpenean eta, oro har, bizitzeko baliabideetan duten ondorio negatibo gero eta handiagoak zorrozki eragiten dute emakumeengan. Izan ere, haiek eskaini behar diete denbora eta ahalegin gehien (gero eta tenperatura altuagoak jasanez) bai eguneroko zereginei bai baliabide naturalak eta ekonomikoak eskuratzeari, mutur-muturreko bizi-baldintzetan.

Landa-azterlanean bildutako informazioa aintzat hartuta, klima-aldaketara egokitzeko abeltzaintza-sistemen ustiapenean ikusitako bilakaerak eta berrikuntzak emakumeei egozten zaizkie. Klima-aldaketaren ondorioetara egokitutako diru-sarrera iturriak dibertsifikatzeko estrategia nagusien artean, abeltzaintza-ustiategi erresilienteenak daude, non oilaskoak, ardiak eta ahuntzak hazten diren, arraza berri egokituagoen bidez, abereentzako elikagaiak erosiz indartuta.

Hona hemen klima-aldaketara egokitzeko eta hura arintzeko Kébémerren identifikatutako jardunbide egokiak eta neurriak:

- Andreek abeltzaintza-sistemen ustiapenean (oilaskoen desparasitazioa baratxuriarekin, nekazaritzako azpiproduktuetan oinarrituriko aziendarentzako elikagaien ekoizpena) eta nekazaritzakoen ustiapenean (ortuko produktuen ekoizpenaren dibertsifikazioa, merkatu berriak bilatzeko) gauzaturiko bilakaerak eta berrikuntzak jardunbide iraunkorrak eta ondo bideratuak dira, halaber. Animalien osasunaren hobekuntzak, ur-iturri seguruak eta kalitatezkoak eskuratu ahal izanda, dieta dibertsifikatzea eta proteina-ekarpena optimizatzea ahalbidetzen dio biztanleria zaurgarriari, animalia-proteinaren eskaintza eskasa baita.